UNITATE DIDAKTIKOA
1. SARRERA
JUSTIFIKAZIOA
Unitate didaktikoa egiteko, programazioan oinarritzen gara. Programazioa hezkuntza jarduera eta ikasgelako lana antolatzea du helburu. Haren helburuak lotura zuzena du irakasteko eta ikasteko prozesuaren kudeaketa praktikoarekin eta horren bidez lortzen den emaitzarekin. Beraz, hezkuntza‐asmoak zehazten dituen dokumentua dela esan dezakegu.
Funtsean, ikasleen beharrak eta ezaugarriak balioesten ditu, lortu nahi diren helburuak aztertzen ditu, eta, beraz, irakasle taldeak ikasleek ahalik eta arrakastarik handiena lortzeko hartzen dituen erabakiak zehazten ditu. Baina helburu nagusienetako bat ikasle guztien hezkuntza bermatzea da, beti ikasle bakoitzaren beharrak kontuan hartuta eta laguntza emanez. Horretarako, ezinbestekoa da eragile guztien arteko elkarlana sustatzea, harreman ona bultzatzea, eta guztien arteko koordinazioa izatea. Horretaz gain, ikastetxean urte osoan emango diren ekintza, jarduerak eta edukiak ere ezartzen ditu.
KOKAPENA
Ikastetxearen ezaugarriak, baloreak, planak eta proiektuak
Ganivet eskola, Santalucía auzoan kokatuta dago; auzo honetan, erdi mailako langile familiak topa ditzakegu. Azken bolada honetan, etorkin kopurua handitu egin da eta hori dela eta, eredu berriak sortzea erabaki du eskolak, B eredua izanda asko baitira beste herrialde batzuetako jatorria duten ikasleak.
Eskola honetan Lehen Hezkuntza ematen da 6-12 urte bitarteko umeei hain zuzen ere. Bi eredu mota aurki ditzakegu; alde batetik, D eredua, non ikasgai guztiak gaztelania eta atzerriko hezkuntza izan ezik, euskaraz ematen diren. Bestetik, lehen aipatu dugun B eredua, non matematikak, eta gaztelania gaztelaniaz ematen diren.
Eskola euskalduna izan arren, ikasle gehienen ama hizkuntza erdara dela esan beharra dago, ondorioz, ohikoa da umeak gaztelaniaz mintzatzen entzutea.
Eskolaren instalazioen barruan, irakasle eta ikasle guztientzako prestatuta dauden hainbat gela berezi topa ditzakegu, polikiroldegia, jantokia, irakasle eta musika gelak adibidez.
Eraikuntzaren kanpoaldean berriz, bi patio aurki ditzakegu, aurrealdekoa eta atzeko partekoa. Bertan bi futbol eta saskibaloiko zelai bakarra daude, baita frontoi handi bat ere.
Baloreei dagokienez, eskolak tolerantzia, errespetua, berdintasuna, aniztasuna, enpatia, autoestimua, puntualtasuna, adiskidetasuna, sormena eta beste hainbat balore positibori ematen die garrantzi handia.
Eskolako barne antolaketan proiektu desberdinak aurki ditzakegu. Harrera plana (etorkinen eskolaratzeaz arduratzen dena), tutoretza plana, urteko plana (burutzen diren ekintza guztiak antolatzen dituena), hizkuntza indartzeko proiektuak (hizkuntza indartzailea den irakasle bat adibidez), ikastetxeko curriculum proiektua, elkar bizitza plana eta ikastetxeko hezkuntza proiektua esaterako.
Ikasleriaren ezaugarriak eta garapen psikoebolutiboa
Lehen Hezkuntzako bigarren zikloari begira, seigarren mailari, hain zuzen ere, dagokion klasea daukagu. Maila honetan 2007ko dekretuaren arabera hezike fisikoko ikasgairako ezarrita dagoen ordu kopurua astean bikoa da. Hartara, astelehen eta ostiraletan emango dute heziketa fisiko klaseko irakasgai honetako ikasleek.
Aipatutako klasean 22 ikasle daude, haietako 10 neskak dira eta gainontzekoak mutilak. Guzti horien artean, sexuaz gain, hainbat desberdintasun topatuko ditugu, umeen jatorria, adibidez. Klaseko 6 ikasle kanpotarrak dira, hau da, etorkinak. Haietako 2 nigeriarrak, 3 kolonbiarrak eta azkenik txinatar bat.
Alderdi afektibo eta sozialei dagokienez, lagunarteko erlazioak luzeagoak izaten hasten direla esan beharra dago, gure ikasleen artean ematen den bezala, baita jolasak haien garapen afektibo, sozial eta moralean parte hartzen dutela arauak agertzen baitira eta honek ordena eta egonkortasuna ematen diotelako ekintza ludikoari.
Amaitzeko garrantzitsua da urte hauetan sentimendu moral berriak agertzen direla jakitea, baita borondatearen antolaketa eta bizitza afektiboaren erregulazio hobea ematen dela ere. Sortzen den sentimendu berri hori besteekiko eta norbanako errespetua da.
Koordinazioak eta tutoretza
Tutoretza hezkuntza jardueraren parte den laguntza prozesu sistematikoa da eta prozesu horretan ikasleei oinarrizko gaitasunak eskuratzen laguntzen zaie.
Tutoretzaren helburu nagusia ikasleek bere burua ezagutu eta onartu, sozializazio-prozesua hobetu, erabakitzen eta ikaskuntza-arazoak konpontzen ikas dezaten, bere proiektu pertsonal zein profesionalaren protagonista sentituz, hau da, bide horretan lagunduta sentitzea da helburua.
Tutorearen esku hartze eremuak eta bakoitzarekiko zereginak honako hauek dira:
● Ikasleekin zuzenean garatutako ekintzak: (elkarrizketak, gatazken bitartekotza, laguntza bilatzen laguntzea, informazioa eskuratzea, erabakiak hartzea…).
● Taldeka edo banakoak izan daitezke; hauek tutoretza orduan eman ohi dira, edota patio orduan hitz egin beharrekoa oso larria baldin bada. Inklusioa, aholku ematea, ikasketa prozesuaren jarraipen orokorra, eskaerak, kezkak eta kexak bideratzea dira gehienbat tutorearen zereginak arlo honetan.
● Gainontzeko irakasleekin garatutako ekintzak: Irakasle-taldeen bileren koordinazioa, ebaluazio-saioen koordinazioa, ikasle taldearen edota ikasleen banakako egoerei buruz elkarrizketak egitea, programazio eta ebaluaziorako taldea koordinatzea, banakako zein taldeko ikaskuntza prozesuaren azterketa, curriculum egokitzapenetan laguntzea eta irakasle-taldearen aholkularitzarekin banakako eskola-orientazioko txostena egitea dira zeregin nagusiak.
● Familiekin edota legezko arduradunekin garatutako ekintzak: ikasturte hasierako bilerak, etaparen amaieran eta beharrezkoa den guztietan. Beste erakunde eta elkarteekin koordinazioa eta jarraipen sistematikoa, elkarrizketa eta bilera bidez, esku hartzean batasuna egongo dela ziurtatuz. Banakako hezkuntza-prozesuaren jakinaren gainean jartzea da tutorearen zeregin nagusia, aholkularitza ematea (portaera arazoen konponketan, ikasketen antolaketan …), partaidetza eta lankidetza bultzatzea.
Amaitzeko tutoretzaren eduki multzo nagusiak aipatuko ditugu:
● Garapen pertsonala.
● Besteekiko harremanak.
● Ikasketa prozesuak.
2. ARAZO EGOERA
Izenburua:
Jolasean Gozatu
Ikasgaia:
Balio Sozial eta zibikoak
Maila:
Lehen Hezkuntzako 6. Maila
Testuingurua:
Urtero, “Jolas eguna” ospatzen da eskolan. Jolas egunean, 6. mailako ikasleek hainbat jolas prestatzen dituzte beste mailako ikasleek jolasteko. Jolas egunean, mota ezberdineko jolasak daude. Urte honetan, antzinako jolasak, Euskal Herriko jolasak eta jolas interkulturalak tokatu dira.
Gure klasea antzinako jolasaz arduratuko da, eta irakasleak aukera hau aprobetxatu du gaur egungo era digitala eta antzinakoa alderatzeko.
Arazoa:
Zer nolako aldaketa egon da antzinako eta gaur egungo jolasen artean? Gehiago jolasten dugu indibidualki taldean baino? Gure harremanak aldatu dituzte? Eragin positiboa ala negatiboa izan du?
Xedea:
Antzinako jolasak ikertzea, gaur egungo aro teknologikoarekin konparatzea, harreman sozialetan izan duten ondorioak identifikatzea, ardura
Ataza (azken ekoizpena):
Jolas egunerako antzinako jolasak ikertu, prestatu eta praktikara eraman.
Ikertutako jolasei buruzko bilduma bat egin, eta beharrezko materialarekin, jolasak praktikan jartzeko gela barruko jolas-txoko bat diseinatu. Ondoren, sortutakoa klasez klase aurkeztu eta jolas hauetara jolastera animatu.
ELGE erakundeko DeSeCo txostenak (2005) dioenez, konpetentziak hau dira: "Ezagutzen eta trebetasunen multzo bat baino zerbait gehiago da konpetentzia. Eskakizun konplexuei erantzuteko abilezia darabil, eta baliabide psikosozialak hartzen eta baliatzen ditu, trebetasun eta jarrerekin batera, testuinguru jakinetan".
Konpetentziak bitan banatzen dira, zehar-konpetentziak eta diziplina konpetentziak:
ZEHARKAKOAK
Bizitzako esparru eta egoera guztietan –esparru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan– arazo egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, bai diziplina arlo guztietako egoeretan, bai eguneroko bizitzako egoeretan. Arlo edo ikasgai guztietan orotara egindako lanaren bidez sustatu eta indartu behar dira zehar konpetentziak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan integratu edo barneratuz eskuratzen eta erabiltzen dira.
- Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia. -
- Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.
- Elkarbizitzarako konpetentzia. -
- Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia. -
- Izaten ikasteko konpetentzia.
Gure unitatean lantzen diren zehar konpetentziak hauek dira:
Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia
- Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala modu osagarrian erabiltzea, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan.
- Gure unitate didaktikoak hau lantzen du, izan ere, ikasleak jende askorekin komunikatu behar dira, jokoen inguruan informazioa bilatzeko nahiz jokoak dinamizatzerako orduan.
Elkarbizitzarako konpetentzia
- Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea, eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteri aitortzea, norberaren zein guztion ongirako.
- Gure unitate didaktikoan konpetentzia hau lantzen da taldeka lan asko egiten delako, klase bezala nahiz talde txikitan.
Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia
- Ekimena izatea eta ekite-prozesua erabakitasunez eta eraginkortasunez kudeatzea testuinguru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihurtzeko.
- Gure unitate didaktikoan ekimena beharrezkoa da unitatea aurrera eramateko. Ikasleek beraiek protagonistak dira, eta jokoak erabaki, garatu, prestatu eta dinamizatu egiten dituzte.
DIZIPLINAKOAK
Bizitzako esparru eta egoeretan –esparru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan– arazo-egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, eta, haietan, diziplina-arloren bateko berariazko baliabideak erabiltzen dira. Diziplina barneko konpetentziek diziplina-matrize bat dute oinarri, eta arloen berezko arazo-egoeren bitartez eskuratzen dira; hala ere, badute transferentzia-gaitasunik eta funtzio anitzekoak dira, diziplina-arlo batekin edo batzuekin lotutako arazo-egoerak konpontzeko balia baitaitezke. Ondorengoak dira:
- Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.
- Matematikarako konpetentzia.
- Zientziarako konpetentzia.
- Teknologiarako konpetentzia.
- Konpetentzia sozial eta zibikoa
- Arterako konpetentzia.
- Konpetentzia motorra.
Gure ariketan honakoak landu ditugu:
- Konpetentzia sozial eta zibikoa
Nork bere burua, bere taldea eta bere mundua ulertzea, gizarte-zientzien ezaupideak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz, eta haien prozedurak eta metodologiak baliatzea, bizitzako ohiko egoeretan modu autonomoan jarduteko, herritar gisa, eta, hartara, gizarte guztiz demokratiko, solidario eta inklusibo bat garatzen laguntzeko.
Gure unitate didaktikoan, egoitzako adinekoekin hitz eginez, lehen nola bizitzen zen aztertzen dute, eta modu honetan, historia eta gizarte gaiak barneratzen dituzte, hala nola, bizi ohiturak, tradizioak, garaia...
- Konpetentzia motorra.
Autonomiaz, izaera kritikoz, sormenez eta adierazkortasunez lantzea norberaren, gainerako pertsonen eta ingurune fisiko eta kulturalaren jardun-eremu motorreko egoerak, eta jokabide motorra lantzen laguntzen duten jakintzak, prozedurak eta jarrerak barneratzea, jarduera fisikoa eta kirola egiteko ohiturak hartu eta, bizimodu osasungarri batean oinarrituta, ongizate osoa lortzen laguntzeko.
Gure unitate didaktikoa jolasak lantzen ditu, eta hauek argi izateko praktikan jartzen dituzte. Horrela, jarduera fisikoa eta kirola egiten dute.
- Arterako konpetentzia
Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta modu kritikoan balioestea, denbora- eta erabilera-testuingurutan, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz jabetzeko. Era berean, arte-hizkuntzak ezagutzea, eta haien kodeak erabiltzea arte-mezuak ekoitzi eta nork bere burua ekimenez, irudimenez eta sormenez adierazi eta komunikatzeko.
Gure unitate didaktikoan, arterako konpetentzia jolas-bilduma egiterakoan lantzen da. Hau egitean, askatasun totala ematen zaie hau sortzeko. Horrela irudimena eta sormena askatzen dute.
4. HELBURU OROKORRAK
- Autonomiaz eta arduraz jokatzea eguneroko bizitzan, talde-harremanetan, ikasgelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.
- Ezaugarri bereizgarriak dituzten gizarte- eta kultura-taldeetako kide direla ohartzea eta balioestea, norberaren kultura-ezaugarri bereizgarriak eta beste talde batzuekiko desberdintasunak aintzat hartzea, eta gainerako identitate, kultura eta herriekiko errespetua izatea eta giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela ohartzea.
- Talde-lanean jardutea, arduraz, elkarlanean, elkartasunez eta modu konstruktiboan. Lan horretan, funtzionamendu demokratikoaren oinarrizko printzipioak aplikatu, lan komunarekiko ardura garatzen joan, eta norberaren eta besteen ekarpenak adostutako helburuaren arabera balioetsiko dira, komunitateari elkartasunez ekarpenak egiteko, inolako bazterkeriarik gabe (generoa, arraza, kultura, erlijioa...).
- Sormen-lan eta -proiektuak lantzean zenbait emaitza lortzeko beharrezkoak diren prozedurak planifikatzea, ebaluatzea eta egokitzea, eta horrek guztiak dakartzan erronkez jabetzea.
5. HELBURUAK DIDAKTIKOAK
- Elkarrekin jolastea bakarka jolastearekin alderatzea, elkartasuna oso aberasgarria dela konturatu daitezen
- Gaur egungo jolasak eta antzinakoak alderatzea, azken hauek dituzten onurak identifikatzeko.
- Antzinako jolasak praktikan jartzea, joku kolektiboa sustatzeko.
- Teknologiak harreman sozialetan izan duen eragina aztertzea, egunerokotasunean aldaketa sustatzeko.
- Kanpo-kolektiboak ezagutzea, ikuspuntu eta bizipenen bitartez lan aberasgarriago bat egiteko.
- Gelarako jolas bilduma bat haien kabuz egitea, irudimena eta sormena lantzeko.
- Ahozko aurkezpen bat burutzea, nork bere beldurra eta lotsa galtzea.
6. EDUKIAK
- Antzinako-jolasen informazioaren identifikazioa, lorpena, gordeketa eta berreskuraketa.
- Ideien, zereginen eta proiektuen planifikazioa, eta haien bideragarritasunaren azterketa.
- Plangintza eta egindako lanen ebaluazioa eta hobekuntza-proposamenen luzapena.
- Lortutako emaitzaren transmisioa.
- Harreman eta komunikazio lana.
- Gatazken kudeaketa.
- Norberaren gorputzaren erregulazioa.
- Informazioaren konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea, aztertzea eta laburbiltzea.
- Alderdi historiko, kultural eta sozialekin zerikusia duten hipotesien planteamendua, formulazioa eta egiaztaketa.
- Iraganeko gizarteen eta egungo gizarteen arteko desberdintasun eta antzekotasunen identifikazioa, azterketa eta konparazioa.
- Iraganari buruz eta iragan horrek egungo gizartearekin duen harremanari buruz jakiteko interesa eta jakin-mina.
7. JARDUERAK
1. SAIOA
Aldez aurretik, ikasle bakoitzari proposatzen diegu haien aisialdiarekin lotzen duten denbora pasa bat klasera ekartzea .
Bakoitzak bere jolasa aurkeztuko du klasearen aurrean, eta behin guztiak aurkeztuta, irakasleak galderak egingo dizkie aztabaida sortzeko asmoz:
- Uste duzue gaur egungo jolasak eta aintzinakoak aldatu direla?
- Zenbat denbora eskaintzen diozue kalean jolasteari?
- Zer nolako eragina izan du teknologiak zuen ustez gaur egungo jolasetan?
- …
Azkenik, irakasleak proposatuko die antzinako jolasen munduan murgiltzea. Horretarako, proposatuko die zahar egoitza bat bisitatzea, bertan dauden adinekoek haien haurtzaroan gozatzen zituzten jolasetaz informazioa eskuratzeko.
Hurrengo saiorako dinamika errazteko, lan taldeak sortuko dira.
2. SAIOA
Lantaldeak behin jakinda, ikasleak taldeka bilduko dira eta talde bakoitzak izan beharreko arauen inguruan hitz egingo du, egoitza-etxean izan beharreko jarrera adosteko. Argi izan behar dute egoitza batera joango direla eta errespetuz jokatu beharko dutela. Behin taldeka jarrita talde guztien ideiak bilduko dira, hauekin arauen dekalogo orokor bat egiteko.
Beste alde batetik, taldeka antzinako jolasen inguruan, bakoitzak egin nahi izango dituen galderak idatziko dituzte.
Azkenik, egoitzara eraman beharreko material guztia zehaztuko da.
3. SAIOA
Behin egoitzan egonda, aurkezpen bat egingo da nagusien eta umeen artean. Hau amaituta, aurreko saioan ikasleek klasean adostutako taldeetan jarriko dira, ondoren nagusien talde bat atxikituko zaie haien galderen inguruan elkar hausnartzeko.
Azkenik eskertuko zaie egoitzako nagusiei izandako parte hartzea eta proiektuan landu izana.
4. SAIOA
Egoitzan talde bakoitzak jasotako informazioa, aurkezpen txiki baten bidez, bateratuko da ikaskide guztien artean. Bertan, hurrengo egunean, “Jolas egunean” alegia, praktikara eramango dituzten jolasak, zein taldeek egingo duten adostuko dute. Hortaz, behin jakinda zein jolas aurrera eramango dituen bakoitzak, haren prestaketarekin martxan jarriko dira. Kontutan hartu behar izango dute:
- Materiala
- Denbora
- Ratioa
- Espazioa
- Azalpena
- Araua
- …
5. SAIOA
Jolas eguna ailegatu da. Klase ezberdinak eskolako leku ezberdinetan banatuta egongo dira. Jolasak hasi baino lehen, hauek prestatu behar izango dituzte, lekuan zehar izango duten sakabanaketa egokia izateko. Egunari hasiera emateko, aurkezpen bat egingo da areto nagusian. ariketak dinamizatuko dituzte. Ondoren, jolas txokoetara abiatu eta hauek dinamizatuko dituzte. Azkenik, 6. mailako ikasleek, erabilitako materiala jasoko dute eta honekin amaiera emango diogu egunari.
Beraz, ordutegia honakoa izango da:
- 9:00-9:30 - Txoko eta jolasen antolaketa.
- 9:30-10:00 - Egunaren aurkezpena
- 10:00-13:00 - Jolasak dinamizatu
- 13:00-13:30 - Materiala jaso
6. SAIOA
Klasera heldu bezain laster, ikasleek ikusiko dute klasean material ugari daukatela. Hortaz, irakaslea azalduko die haiek erabilitako jolasen bilduma bat egin behar dutela.
Horretarako material anitzak erabili ahal izango dute:
- Kartulinak
- Margoak
- Rotulkiak
- Tenperak
- Akuarelak
- Goma eva
- Fieltroa
- Kola
- Brilantina
- Gometxak
- Haria
Denetarik izango dute. Beraz, bilduma polit eta original bat egin beharko dute non agertu behar diren:
- Jolasak
- Jolasaren izena
- Materiala
- Espazioa
- Partaide kopurua
- Jolas mota
- Azalpena
- Arauak
- Jolas egunaren kronika
Irizpide hauek jarraituz, bilduma nahi duten moduan egin dezakete. Eskura daukaten materiala haien sormena eta irudimena askatu dezaten ematen zaie.
7. SAIOA
Saio guztien ebaluazioa egongo da.
Honako ebaluazioak egongo dira:
Honako ebaluazioak egongo dira:
- Irakasleak ikasleei egindako ebaluazioa
- Irakasleak saioen inguruan egindako ebaluazioa
- Ikasleek irakasleari egindako ebaluazioa
- Ikasleek saioen inguruan egindako ebaluazioa
8. EBALUAZIOA
Ikasleak ebaluatzerako garaian, ebaluazio mota formatiboan oinarrituko gara, modu jarrai batean ebaluatuko da ikaslea. Saioetan egiten dituen jarduera ezberdinak eta ikasgaiarekiko izan duen jarrera ebaluatuko ditugu, haur bakoitzaren bilakaera kontuan hartuz. Horrez gain, emaitzak baino gehiago prozesua emango zaio garrantzia; beraz, kualitatiboki ebaluatuko dugu.
ADIERAZLEAK
- Elkarrekin jolastea bakarka jolastearekin konparatu eta haren alde onak eta txarrak identifikatu ditu.
- Gaur egungo jolasak antzinakoekin konparatu eta haien ezberdintasunak identifikatu ditu.
- Antzinako jolasak diseinatu, jokatu eta dinamizatu ditu.
- Teknologiak harreman sozialetan izan duen eragina aztertu du.
- Kanpo-kolektiboetan errespetuz jokatu du.
- Gelarako jolas bilduma originaltasunez egin du.
- Aurkezpenean beldurra eta lotsa galdu du.
BALIABIDEAK
Hainbat baliabidez baliatuko gara ebaluazioa ongi burutu ahal izateko. Hasteko, hasierako ebaluazioa egingo da, antzinako jolasen inguruan zer dakiten jakiteko, eta abiapuntu bat izateko. Behin gaia aztertuta, ahozko aurkezpen bat egin beharko dute taldeka, gaiari buruz eta “Jolas-egunean” egingo dituzten dinamikak baloratuko dira. Era berean, irakasleak klasero ikasle bakoitzaren jarrera eta jokabidea kontuan hartuko du, behaketaren bitartez. Honekin batera, ikasgelan egiten diren jarduerak baloratu egingo dira. Azken ekoizpenak, hau da, jolas-bilduma ere baloratuko da.